Nola informatu?

Gure barne-kanaleko plataforman sartzean, orri nagusira iritsiko zara, eta, bertan, kanalaren alderdi orokorrak jakinaraziko zaizkizu eta informatzaileentzako eta eraginpean daudenentzako gure pribatutasun-politikei buruzko informazio zehatza irakurri ahal izango duzu. 

Hortik, zure informazioaren xehetasunak emateko aukera emango dizun formulariora sartu ahal izango zara. Informazioa idatziz zein audio-grabazio seguru bidez eman ahal izango duzu, eta, nahi izanez gero, dokumentazio gehigarria ere erantsi ahal izango duzu. Zure nortasuna babesteko neurri teknikoak aplikatzen ditugu, fitxategietako metadatuak ezabatuta, ahotsa desitxuratuta eta edozein informazio truke enkriptatuta.

Informazioa modu anonimoan edo identifikatuta eman dezakezu. Zure datu pertsonalak aurreikusitako xedeetarako soilik erabiliko dira —pribatutasun-politikan kontsulta ditzakezu—, eta langile baimenduek soilik tratatuko dituzte. Ez zaio, inola ere, zure nortasuna jakinaraziko komunikazioan adierazitako egitateen eraginpean dagoen pertsonari, ezta hirugarrenei ere.

Inprimakian hitzordua eskatzeko aukera izango duzu, kudeatzaileari zuzenean informazioa azaldu nahi badiozu edo informazioa zabaldu nahi baduzu. Hitzordu hori gehienez ere 7 eguneko epean hitzartuko da, ondoren azalduko dugun web-jarraipenerako eremu pribatuaren bidez eskatzen denetik zenbatzen hasita. 

Egindako ahozko komunikazioak dokumentatu beharko dira, baina aldez aurretik informatzailearen baimena lortuta. Horretarako, komunikazioa formatu seguru, iraunkor eta eskuragarrian grabatuko da, edo komunikazioaren transkripzio osoa eta zehatza egingo da. Datuen babesari buruzko araudiaren arabera dagozkion eskubideak alde batera utzi gabe, informatzaileari elkarrizketaren transkripzioa egiaztatzeko, zuzentzeko eta sinatzeko aukera emango zaio, ahal dela.

Formularioa bete ondoren, zure komunikazioaren erregistroa baieztatuko dizugu, eta jarraipenerako eremu pribatura sartzeko gakoa emango dizugu. Jarraipenerako eremu pribatu horretan, nahi izanez gero, zure kasuaren nondik norakoak ezagutu ahal izango dituzu, eta kudeatzailearekin komunikatu ahal izango zara eta informazioa eta dokumentazioa trukatu ahal izango duzu, erraz, seguru eta modu konfidentzialean. Konfidentzialtasun-arrazoiak tarteko, gako hori behar bezala gorde beharko da, ezin baita berreskuratu, eta, galdu edo ahaztuz gero, berriro bidali beharko baitiguzu informazioa.

Kasuaren kudeaketan zehar, informazio gehigarria eskatu ahal izango zaizu jarraipenerako eremu pribatu horren bitartez; hartara, komeni da aldian behin egoera berrikustea. Nahi izanez gero, jarraipenerako eremu pribatura sartzeko gakoak ematean, posta elektroniko bat emateko aukera eskainiko zaizu, zure kasuan berritasunik dagoen ohartarazteko helburu hutsez.

Kasuaren kudeatzaileak helarazi zaion informazioa aztertuko du, tramita daitekeen ala ez erabakitzeko, eta informatzaileari jakinarazpen bat bidaliko dio, bere komunikazioa tramitera onartu den ala ez jakinarazteko. 

Zure jakinarazpena tramitera onartzen bada, barne-ikerketari emango zaio hasiera, eta gehienez 3 hilabeteko epean jakinaraziko zaizu azken ebazpena —kasua konplexua izanez gero, epe hori 6 hilabetera luza daiteke—.

Informatzailea Babesteko Agintaritza Independentearen kanpo-kanala:

Balizko ez-betetzeei buruzko informazioa ematean, barneko bidea lehenetsiko den arren, informatu nahi duzun irregulartasuna 2/2023 Legearen 2. artikuluaren esparruaren barruan badago, hau da, arau-hauste penalak, administrazioko arau-hauste larriak edo oso larriak edo Europar Batasuneko zuzenbidearen arau-hausteak badira, Informatzailea Babesteko Agintaritza Independentearen kanpo-kanalaren bidez eman dezakezu horien berri, bai zuzenean, bai gure barne-kanalaren bidez informazioa eman ondoren.