News & Media
BERRIAK
AMPOK 2K (−271,15 °C) TENPERATURAPEAN LAN EGINGO DUTEN KONTROLEKO BALBULAK HORNITUKO DITU TXINAKO CIADS PROIEKTURAKO
Balbula kriogenikoen diseinu eta ekoizpenean esperientzia zabala duen AMPO kooperatibak aplikazio kriogeniko zorrotzenetan duen posizionamendua indartzen jarraitzen du, Txinako Zientzien Akademiako “Institute of Modern Physics (IMP)” erakundeak gidatutako ekimen aitzindaria den “China Initiative Accelerator Driven System (CIADS)” proiektuaren saiakuntza-bankurako proiektu berri bat arrakastaz osatu ondoren. CIADS proiektua 10 MWth-eko instalazio prototipo bat garatzen ari da Guangdong-en (Txina), potentzia handiko transmutazio akoplatuaren teknologia frogatzeko helburuarekin. Instalazioak saiakuntza-plataforma garrantzitsu batzuk ditu, tartean 500 MeV-eko azeleragailu lineal supereroale bat (sc-Linac).
Testuinguru honetan, AMPOk 15 kontroleko balbula kriogeniko hornitu ditu arrakastaz. Balbula horiek baldintza muturrekoetan funtzionatzen duen saiakuntza-banku espezifiko batean instalatu dira, zehazki, 2 K-ko (-271,15ºC) tenperatura kriogenikoetan lan egingo dutelarik, helio likidoa erabiliz. Haien eginkizun nagusia baldintza zorrotz hauetan emaria zehaztasunez kontrolatzea izango da.
Muturreko baldintzetarako diseinatuak
Proiektu honen eskakizun teknikoek AMPOk orain arte landu dituen aplikaziorik zorrotzenen artean kokatzen dute proiektua. Balbulak baldintza kriogenikopean eta hutsean lan egiteko diseinatu dira. Ingurune horretan, funtsezkoa da ihes-tasa oso baxuak bermatzea, bai presio-baldintzetan, bai huts-baldintzetan. Gainera, balbulak erradiazioaren eraginpean egongo dira, eta horrek konplexutasun-maila handiagoa gehitzen dio proiektuari. Errendimendua eta iraunkortasuna bermatzeko, AMPOk zigilatze-material bereziak eta posizionamendu-sistema remoto bat txertatu ditu; izan ere, ohiko osagai elektronikoek ezin dute baldintza horietan funtzionatu.
Nabarmentzeko beste ezaugarri bat haien tamaina txikia da: DN2 diametroarekin, balbula horiek AMPOk orain arte fabrikatu dituen txikienak dira, eta mugarri esanguratsua da enpresaren ingeniaritza-gaitasunei dagokienez.
Ingeniaritza aurreratua
Kontrol-balbulen aplikazio mota hauetan ohikoa den bezala, bezeroak prozesuaren baldintzak zehazten ditu, eta balbula ekoizleari dagokio dimentsionamendu egokiena zehaztea. Proiektu honetan, AMPOk bere ingeniaritza-gaitasun aurreratuak baliatu ditu, abangoardiako tresnak eta dimentsionamendurako software espezializatua erabiliz, funtzionamendu zehatza eta fidagarria bermatzeko.
Energia-aro berri bat ahalbidetzeko proiektu konplexuak garatuz
Proiektu honek AMPO SERVICE taldearen eta Txinako AMPOren tokiko taldearen laguntza ere izan du. Bi taldeek balbulen instalazio-fasean parte hartu zuten urrian, eta beren esperientzia eskaini zuten balbulak saiakuntza-bankuaren barruan behar bezala integratzen zirela bermatzeko. Lankidetza honek agerian uzten du AMPOk proiektu oso konplexuei eta eskakizun maila handikoei arrakastaz aurre egiteko duen gaitasuna, ingurune muturrekoetan balbulen ingeniaritzaren mugak gaindituz. Helio likidoarekin eta 2 K-rainoko tenperaturetan lan egiten duten aplikazioetan garatutako esperientziak baldintza zailenetan balbula kriogenikoen portaerari buruzko ezagutza sakona erakusten du.
Ezagutza hori zuzenean aplika daiteke sortzen ari diren energia-aplikazio berrietan, hidrogenoan, besteak beste; izan ere, tenperaturari, estankotasunari eta fidagarritasunari lotutako antzeko erronkei egin behar baitzaie aurre. Baldintza muturrekoenak menderatuz, AMPOk energia-soluzio berriak ahalbidetzeko duen rola indartzen du, trantsizio energetikoan modu aktiboan lagunduz eta energia-aro berri bat posible eginez.