News & Media
BERRIAK
AMPOK BALIO TEKNOLOGIKO ALTUKO BOLADUN BALBULA HIPERZENTRIKOAK HORNITU DITU TCO-REN NEURKETA-ESTAZIOAREN HOBEKUNTZA PROIEKTURAKO, KAZAKHSTANEN
AMPOk arrakastaz hornitu ditu exzentrikotasun hirukoitzeko boladun balbula hiperzentrikoak TCOren (Tengizchevroil) Kazakhstango proiektu estrategiko baterako. TCO herrialdeko enpresa liderra da, energiaren eta harekin lotutako produktuen ekoizpenean diharduena. Proiektuaren baitan, neurketa-estazioetako balbulak ordezkatu dira neurketa-skid kritikoetan; izan ere, halako instalazioetan funtsezkoak baitira fidagarritasuna, zehaztasuna eta epe luzerako errendimendua, funtzionamendu-baldintza gogorretan ere.
Erabiltzaile gisa, TCOk zerbitzu baldintza oso zorrotzetan jarduteko gai diren balbulak behar zituen, besteak beste H₂S eduki-maila altua eta higadura handia jasateko modukoak. Horrez gain, plantan mantentze-lanak errazak izatea eta epe luzeko fidagarritasuna ezinbesteko baldintzak ziren, ustiapen-kostuak eta geldialdiak ahalik eta gehien murrizteko. Behar horiei erantzuteko, balbulen hautaketa-prozesuan bezeroari laguntza eman zion AMPOk, eta bere exzentrikotasun hirukoitzeko boladun balbula hiperzentrikoen teknologia proposatu zuen aplikazio zorrotz honetarako soluzio egokiena bezala. Soluzio honek kontakturik gabeko diseinua eta ingurune zorrotzenetan errendimendu bikaina uztartzen ditu, eta, ondorioz, bereziki egokia da tankera honetako aplikazioetarako.
Guztira 8”-ko 82 boladun balbula hiperzentriko hornitu ditu Idiazabalgo kooperatibak, Inkonel estaldurekin eta eragingailu elektrikoekin ekipatuta. Balbulak API 6D arauaren arabera diseinatu eta fabrikatu dira, eta PR2 saiakuntzak arrakastaz gainditu dituzte, zerbitzu baldintza gogorretan fidagarritasuna eta segurtasuna bermatuz. Proiektuaren puntu nabarmenetako bat entsegu-programa zabala izan da. Boladun balbula hiperzentrikoak TCOren instalazioetan probatu zituen ikuskatzaile independente batek, emaitza bikainak lortuz. Proba horiek, gainera, AMPOren instalazioetan aurrez egindako eta DNVk ziurtatutako 6.000 zikloko erresistentzia-proba baliozkotu zuten, soluzioaren sendotasuna eta iraunkortasuna are gehiago nabarmenduz.
Produktua bera ez ezik, AMPOren presentzia lokalak ere funtsezko eginkizuna izan du Kazakhstanen garatutako proiektu honetan. Atyraun kokatutako fabrikazio eta zerbitzu zentroa da AMPO Kazakhstan, herrialde honetako eta Kaspiar eskualderako epe luzeko bazkide estrategikoa izateko sortua. Instalazio honen helburua bezero lokalei laguntza ematea da, zerbitzu gaitasun aurreratuen, transferentzia teknologikoaren eta herrialdeko proiektu estrategikoetarako balbula kritikoen mantentze-zerbitzuen bidez.
Ikuspegi teknikotik, AMPOren exzentrikotasun hirukoitzeko boladun balbula hiperzentrikoak ohiko diseinuen aplikazio-eremua zabaltzen du, aldakortasun eta iraunkortasun paregabea eskainiz. Goranzko zurtoinik gabeko diseinuari esker, bai posizio bertikalean bai horizontalean instalatu daiteke, eta horrek abantaila argia ematen du neurketa-eta murrizketa-skidetan edo espazio mugatua duten beste instalazio batzuetan. Marruskadurarik gabeko asentu-diseinuak bermatzen du eraztunaren eta asentuaren arteko kontaktua itxieraren azken fasean bakarrik ematea, eta horrek nabarmen murrizten du higadura zerbitzu kutsatuetan. Gainera, beheko trunnion-aren diseinu independenteak partikulen pilaketa saihesten du, maniobra-momentua baxu mantenduz fluido baldintza gogorrenetan ere. Balbularen gorputz forjatuko diseinuak ia edozein materialetan fabrikatzeko aukera ematen du, trinkoan zein estaldurekin, eta horri esker balbulak egokiak dira ingurune oso korrosiboetarako nahiz muturreko tenperaturetarako. Ezaugarri horiek, kontakturik gabeko diseinuarekin eta plantan mantentze-lanak errazak izatearekin batera, boladun balbula hiperzentrikoa ziklo kopuru handiko zerbitzuetarako soluzio ezin hobea bihurtzen dute; hala nola adsorzio-unitateetan (PSA, TSA, bahe molekularra), deshidratazio-unitateetan, konmutazio-balbuletan, neurketa-sistemen isolamenduan, produktuen segregazioan, xurgatze-eta deskarga-lerroetan, olio beroaren eta bero-transferentziaren aplikazioetan.
Proiektu honen bidez, AMPOk bere balbula-teknologiaren errendimendu altua eta fidagarritasuna erakusteaz gain, Kazakhstanen eta Kaspiar eskualdean industria lokalarekiko, transferentzia teknologikoarekiko eta epe luzeko aliantzekiko duen konpromisoa ere sendotu du.