News & Media
BERRIAK
AMPOK SENDOTU EGIN DU BERE PRESENTZIA QATARGO NORTH FIELD EAST LNG HEDAPEN-PROIEKTUAN, BALIO TEKNOLOGIKO HANDIKO 1.400 BALBULA BAINO GEHIAGO HORNITUZ, HIPPS SOLUZIOAK BARNE

AMPOk harrotasunez parte hartu du Qatargo North Field East (NFE) LNG hedapen-proiektuan, munduko GNL (gas natural likidotua) garapen handienetarikoa den batean. Proiektua Ras Laffan Industrial City-n dago kokatuta, Qatargo penintsularen ipar-ekialdeko kostaldean, eta QatarEnergy da instalazio hauen jabea. Bestalde, GNLaren biltegiratze eta karga instalazioen garapenaren arduraduna Samsung C&T ingeniaritza izan da.
28.750 milioi dolarreko inbertsioa suposatu duen proiektu honek Qatargo GNL ekoizpen-gaitasuna urteko 33 milioi tonatan handituko du. 2,7 milioi metro karratuko azalera du (58 Tokyo Dome estadioen baliokidea) eta 45.000 langile baino gehiago arituko dira bertan lanean, eraikuntza-jardueraren unerik gorenean. Hedapen honek, beraz, nabarmen indartuko du Qatarren posizioa munduko GNL ekoizle nagusien artean.
AMPO POYAM VALVESek balio teknologiko handiko 1.400 balbula baino gehiago hornitu ditu: eskuzko eta on-off boladun balbulak, eta baita globo, konporta eta erretentzioko balbulak ere, diseinu kriogenikoetan eta ez-kriogenikoetan. Balbula hauek proiektuaren atal kritikoetan instalatuko dira, hala nola GNL-a kargatzeko sistemetan, prozesu eta biltegiratze hoditerietan, eta azpiegitura marinoetan (QNF Marine Package). Haien funtzio nagusia GNLaren eta bestelako fluido industrialen fluxua kontrolatzea izango da, karga, biltegiratze eta prozesatzeko sistemen segurtasuna eta eraginkortasuna bermatuz. Nabarmentzekoak dira ESDV (Emergency Shut Down Valves), SDV (Shut Down Valves) eta BDV (Blow Down Valves) balbulak, konplexutasun teknologiko handia eta segurtasunean duten garrantzia direla eta, segurtasun- eta prozesu-kontrol aplikazioetan erabiltzen direnak.
AMPOk bezeroekin lankidetza estuan jardun du proiekturako hornitutako balbula guztien diseinuan eta ingeniaritza alorrean, errendimendu eta fidagarritasun optimoak bermatuz aplikazio bakoitzean. Testuinguru honetan, arreta berezia jarri zaie HIPPS (High Integrity Pressure Protection System) balbulei, eta AMPOk ingeniaritza pertsonalizatuko soluzioak eta laguntza tekniko espezializatua eskaini ditu. Balbula hauek on-off bola balbulak dira, Class 600 kategoriakoak eta 20” tamainakoak, eta 0,5 segundoko itxiera-denbora bizkorra dute. Diseinu hori AMPOko ingeniaritza taldeak garatu du, segurtasun, osotasun eta erantzun-gaitasun maximoa eskaintzeko presio handiko inguruneetan.
Proiektuaren atalik zorrotzena HIPPS sistema osoari (High Integrity Pressure Protection System) lotutakoa izan da. Kualifikazio-prozesuaren barruan, fabrikako onarpen-proba integratua (IFAT – Integrated Factory Acceptance Test) arrakastaz gauzatu zen AMPOren Idiazabalgo instalazioetan, erabiltzaile finalaren parte hartzearekin. Proba honetan, HIPPS sistema osoaren integrazio eta funtzionamendu egokiak egiaztatu ziren, eta AMPOren gaitasuna azpimarratu zen proba eta kualifikazio-prozedura konplexuak bere instalazioetan bertan kudeatzeko.
Bezeroak berriz ere AMPOrengan konfiantza izatea aurreko proiektuko faseetan izandako esperientzia bikainaren eta AMPOko taldeak erakutsitako fidagarritasun eta zerbitzu maila altuaren ondorio izan da.
Gaur egun, balbulak proiektuaren kokalekuan instalatzen ari dira, eta horrek mugarri berri bat markatzen du nazioarteko energia-proiektu handietan AMPO burutzen ari den ekarpenean.