AMPOK MEKANIZAZIO PLANTA BERRI BAT INAUGURATU DU IDIAZABALEN

Zer

AMPOk mekanizazio planta berri baten inaugurazioa ospatu zuen urriaren 17an, Lehendakaria buru izan zuen ekitaldi batean. 

Instalakuntza berri hauen diseinu, eraikitze eta martxan jartzeak 22 milioi euroko inbertsioa suposatu dio kooperatibari eta Bezeroei balio erantsi altuagoko eta geometria konplexuagoko osagaiak eskaintzeaz gain, soluzioen kalitate maila eta zerbitzua hobetzea ahalbideratuko dio AMPOri. 

Lehendakaria buru izan zuen bisita instituzionalarekin ireki zituen ofizialki ateak lantegi berriak. Lehendakariaz gain, Gipuzkoako Diputatu Nagusi den Markel Olano, Idiazabalgo alkate den Ioritz Imaz, Ekonomiaren Garapena eta Azpiegituretako sailburu den Arantxa Tapia, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitzako sailburu den Iñaki Arriola, Ekonomia Sustapeneko, Landa Inguruneko eta Lurralde Orekako Diputatu den Ainhoa Aizpuru, Diputazioko hainbat zuzendari eta Goierri Valley, Goieki, Goierri Fundazioa, ADEGI, Merkatal Ganbera, Fluidex, LKS,… bezalako enpresa eta erakundeetako ordezkariak izan ziren bertan.

AMPOk 2017.urtean diseinatu zuen bere Plan Estrategiko berria, zeinaren helburua Bezeroen beharrei merkatu globalean erantzunak ematen jarraitzeko etorkizuneko estrategia definitzea zen. Plan Estrategiko hau abiapuntutzat hartuz, azken bi urteetan AMPOko inbertsio plana exekutatzen joan dira, guztira 35 milioi eurotik gorako inbertsioak burutuz. Alde batetik, Indian 2017.urtean martxan jarri zuen planta berri batean 13 milioi euro inbertituz eta beste alde batetik, Idiazabalen inauguratu duen mekanizazioko instalakuntza berri hauetan beste 22 milioi euro inbertituz. Honenbestez, azken urteotan AMPOk bere negozio lerro ezberdinak indartu dituela esan daiteke; batetik galdategia eta bestetik, balbulen diseinu eta ekoizpenera dedikatzen den negozio alorra.

Fabrika berri hau Idiazabalen kokaturik dago, 12.500 metro karratu inguruko azalera du eta merkatuko 4.0 mekanizazio zentro adimentsuenak instalatu dira bertan. Baita Bezeroei zerbitzu gama zabalago bat eskaintzeko ekipo berriak ere. Besteak beste, soldadura estaldurak burutzeko instalazioak, entsegu ez suntsitzaileak burutzeko guneak, etab.

Bestalde, AMPOko Presidente den Jon Gorrotxategik, kooperatibak aldaketen aurrean moldatzeko duen ahalmena eta malgutasuna azpimarratu zituen, proiektu honek AMPOren Pertsonekiko, gizartearekiko eta ingurumenarekiko konpromisoa indartzen duela ere aipatuz. Jon Gorrotxategiren arabera, inbertsio hau dela eta, eta enpresaren produkzio ahalmena areagotzearen ondorioz, mekanizazio plantako lanpostuak %20 batean areagotuko dira. Honez gain, azpikontratazio beharrak ere areagotuko direla azpimarratu zuen, honako honek eragin zuzena izango duelarik gertuko hornitzaileengan. Honenbestez, inguruan aberastasuna sortzen jarraituko du AMPOk.

Hau guztiaz gain, ingurugiroa errespetatzen ez duen produkzio eredu batentzako lekurik ez dagoela ulertzen du AMPOk. Hori dela eta, euren jardueraren ingurumen eraginak minimizatzera bideratutako apustu irmo eta ekonomikoki babestua egin du azken urteotan. Gauzak honela, planta berri honen diseinua eta eraikuntza, LEED ziurtagiriaren irizpideen arabera burutu da, LEED Gold ziurtagiria lortu duelarik AMPOk. Gipuzkoan egun hiru eraikinek soilik daukate ziurtagiri hau, eta horietako bat AMPO da. Ziurtagiri hau U.S Green Building Council-ek eskaintzen du, eraikinen jasangarritasun maila neurtuz. Eraikin berri honetan guneak hobetzeko neurriak inplementatu dira, eta baita ura aurrezteko, energia aurrezteko, material eta baliabide jasangarriagoak erabiltzeko eta barneko giroa hobetzeko neurriak. Planta berri honetan, eraginkortasun energetikoa dela eta aplikatu diren bi elementu nagusi ondorengoak izan dira. Alde batetik, estalki berdea, zeinek fabrikaren inpaktu bisuala murrizteaz gain, isolamendu termiko hobea ahalbideratzen duen. Eta beste alde batetik, argiztapen naturala, argizuloak instalatu eta aerogel materialeko panelak erabili direlarik fatxadetan.

Planta berri honen martxan jartzeaz haratago, bere egungo Plan Estrategikoari zio eginez, datozen urteetan produktu eta sektoreen dibertsifikazioagatik, eraldaketa digitalagatik eta nazioarteko inplantazio berriengatik egingo du apustu AMPOk, beste hainbat proiekturen artean.

 

loading